viernes, 24 de octubre de 2008

Txolarre irratia

Tolosaldeko (Gipuzkoa) euskarazko irratia da Txolarre, 2000. urtean sortua. Irrati librea da, eta, hortaz, borondatez aritzen dira lagun asko saioak-eta egiten. Hala ere, eguneroko programazioa aurrera ateratzeko, badira lan ordaindua egiten duten lagunak ere.

Eskualde mailakoa izaki, irrati txikia da Txolarre. Horregatik, erakundeen laguntza beharrezko du gastuei aurre egiteko. Horrez gain, bestelako finantza-iturriak bilatzen ditu: publizitatea, jaietako txosnak, emanaldiak...

Irratiko saio nagusiena astelehenetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara egiten den Tolosaldeko ahotsa saioa da. Eskualdeko albisteak jorratzen dituzte, eta baita erreportajeak eta elkarrizketak ere. Sail finkoak ere badituzte: eskualdeko eguraldia, herri kirolak, bertsolaritza... Hainbat eragileren kolaborazioak ere izaten dituzte astero: EHNE, Etxerat, Tolosaldeko Bilgune Feminista... Asteburuetan, berriz, Hitzak hegan saioa eskaintzen dute. Kazetaritza gustuko duten eskualdeko gazteek egiten dute saioa, eta kolaboratzaile ugari dituzte. Programazioa Arrosa irrati sareko programekin osatzen dute. Euskal Herriko hainbat irrati txiki biltzen ditu sare horrek, eta programak elkartrukatzen dituzte elkarren artean.

Tolosaldeko 28 herrietan entzun daiteke txolarre FM 107.5 eta FM 101.2 frekuentzietan. Anoetan du egoitza nagusia. Web-gunea ere badute, zuzeneko programazioa eta elkarrizketa zenbait entzuteko aukera eskaintzen duena, besteak beste:
http://213.195.77.68

No hay comentarios: